ORIXOL

Published by Bittor Peña under on 22:33





Aramaiok jasan duen historia odoltsuak bideraturik, oso ugariak dira herriari buruzko kondairak. Barajuen auzoan kokatuta zegoen gazteluak eta herria inguratzen duten mendiek, ezkutuan gorde dituzte istorio sinestezinen protagonistak.

Zeruan zehar hegaz ibiltzen zen Anbotoko Mari, herriko neskatila gazteak lapurtu eta bortxatzen zituen Barajuengo Jauna... Bestalde, ermita kopurua ere oso handia da eta horrek bultzatuta ere kontu asko dabiltza aramaioarren ahotan. Marixekako Amabirjinaren misterioa...

Anbotoko dama


Mari edo Doña Urraka izenez ere ezagutzen da. Bertsio desberdinak ditugu honen inguruan. Hiru modutara behintzat kontatzen da istorioa: gehienek diote, Salgo Garaiko alaba zela; Abadiñoko Muntsaratz baserrikoa dela esan dutenak ere badira eta Barajuengoa dela ere entzun dugu, Torraldekoa hain zuzen ere.

Batzuen esanetan ume zela ez omen zen oso zintzoa eta amak madarikazio bat bota zion: Anega erdixek ale dauken beste egunien, egunetan, ibilliko dala aidien. Beste batzuen esanetan, bikote bat familia edukitzeko irrikan zegoela eskatu ei zuen: Ai! Besteik espada ume bat nais diabruek ogeta bat urteas eruengo balau!. Eta hala gertatu zen. Neskatoa jaio zen, baina hogeita bat urte bete zituenean, deabrua bere bila etorri eta Anbotora eraman zuen.


Kondairak

Besteen esanetan, aldiz, Anbotoko Señora honek Torraldeko kondeak haurdun utzi eta gero Anbotora ihes egin behar izan zuen. Gauetan, argi bat ikusten omen zen mendian eta herritarrek izaki gaiztoak zirelakoan zeuden. Haurra Salgon utzi eta hura bisitatzera gauero-gauero jaisten omen zen, txirritola batekin argi eginez eta hona hemen joan-etorrien arrazoia.

Guztiak bat dat: andre honek Anboton bizilekua zuen. Beste tontor batzuetan ere egonlekua zeukan: Aloñan, Aizkorrin, Aralarren eta Kurtzeberrin.

Izaki gaiztoa dugu denen ustetan, honentzako lekua laino artean baino ez dago.

Zeintzuk ziren izaki honen jarduerak?

* Eskoba baten gainean ibiltzea.
* Dantzan egitea.
* Gauez ota sendorra piztu eta haren argitasunean urrezko orraziarekin orraztea.
* ...

Anbotoko Señorie zeruan ikus zitekeen; suzko bola bat ikusten zen zeruan ziztu bizian zihoala. Herritarren artean argitasun hori ikusi dutenak ere badira; egun, izarren bat izango zela esaten dute baina ikusi zutenean, umeak artean, bene-benetan pentsatzen zuten Anbotoko Señorie zela: An, an, an doie Anbotoko Seiñorie! An nun doien "Anbotoko Señorie"!. Gau eta ilunkaratan ikusten zen, egunez artzainek ikus zezaketen eta gauez jende askok.




Bada, bukatzeko, goikoekin bat ez datorren bertsio bat. Anbotoko Señorie gu bezalakoa omen zen, naturala. Emakume boteretsu, aberats hau Anboton zigortuta egon zen; kartzelara ez sartzearren bertan eduki zuten, morroiak eta guzti zituela egon ei zen Anboton.

Herensugea

Dragoiaren ipuina Suña aldean kontatzen da batik bat. Murutik gertu dagoen auzo batean, hain zuzen ere.

Herensuge hau buru eta hanka ikaragarriak zituen animalia omen zen, krokodiloaren antzerakoa nonbait. Bertsio baten arabera hegalak zituen txoriek lez hegan egiteko. Beldurgarria zen beraz; gainera, gauez izugarrizko orroak ateratzen zituen.

Murutik Arrasatera jaisten zen, Olandixo izeneko baserritik bueltan Axeri esaten dioten etxera irteten zen; bide arro hori, buztanaz egin bide zuen. Axeritik Santa Barbarara igotzen zen eta herritarrek, pertsona bat eskaintzen zioten, berak jateko.

Dragoiak aurrean harrapatzen zuen guztia jaten zuen. Arrasateko herria honetaz gogaitu, eta, lehenengoz, dontzeila bat prestatu zen bere burua eskaintzeko. Harrezkero arrasatearrek tratu bat egin zuten herensugearekin: urtean-urtean zorteoz pertsona bat eskainiko zitzaion. Egoera hau jasangaitza izanik, herritarrek dragoia hiltzea erabaki zuten.

Hiltzeko moduari dagokionez ere bertsio bat baino gehiago ditugu, nahiz eta guztiak oso hurbilekoak izan: guztiek ahotik sartutako burdina, puñal edo ezpata batez akabatu zutela diote, eta gehienek goritutako burdin batez izan zela gaineratzen dute. Batzuen esanetan, bestalde, errementariaren alabari suertatu zitzaionean gertatu ei zen guztia.

Bukatzeko Mondragon izena istorio honetatik datorrela jakin badakigu eta horrela esaten dute herritarrek.

Altxorrak


Aramaio altxorrez gainezka dago kontatzen denaren arabera. Bost altxorren berri behintzat bada eta gehienak Orixoleko haitzetan ezkutatuak izan zirela dirudi.

Lehenengoa, Lonbideren poltsa izenez ezagutzen da. Urdungion jasotako informazioa dugu honokoa; familian gertaturiko pasadizo bitxi bat kontatzen da bertan. Haitzean lurperatua, txanponez beteriko kaxa bat omen dago, Urdungiotik ez oso urruti. Urtetan zehar bila ibili diren arren, oraindik ez da ezer aurkitu.

Bigarrena, Arriolako Goienengo Nagusiko ugazabek lurperatu ei zuten. Edarrakara urre hartu eta haitzera eraman omen zuten gordetzera, gerrak, lapurrak edo zerbaiten beldurrak bultzatuta. Lekuko batzuk diotenez hil egin zituzten eta altxorra hor gelditu zen inork non zegoen jakin barik.

Hirugarrena Ilunpeko haitzekoa dugu. Koadrila batek zulo bat egin zuen bertan urrea zegoelakoan. Gaur egun zuloa beteta dago, artzainek bete zuten ardiak bertara jausten zirelako.

Laugarrena jada aurkitutako altxorra da. Txanponez beteriko arran bat topatu ei zen Ilunpeko haitzaren ondoko, zuloren batean.

Eta, azkenik, Napoleon denboran soldaduak ibili ei ziren inguru hauetan. Urdungio baserriaren inguruan bola lekua egin zuten eta han jokoan zebiltzala zesta batean urrea maneiatzen zuten. Gainera urre biltegi bat ere eduki zutela diote.

Abade ehiztaria


Istorio hau ere oso ezaguna da Aramaion. Bertsio ezberdinak dauden arren, guztiak oso antzerakoak dira. Detaile bat edo beste aldatzen da batetik bestera.

Ba omen zegoen Aramaioko auzo batean ehiztari porrokatua zen apaiz bat. Igande batean, meza ematen ari zela, momenturik garrantzitsuenean kontsagrazio denboran hain justu, txakurraren zaunkak entzun eta dena bertan behera utzi ei zuen txakurrak ateratako erbiaren atzetik joateko.

Harrezkero Martin Abade kondenatuta dago, haizeak, suak edo orei handiren batek harrapatu ei zuen. Orain ez dago ez zeruan ezta infernuan ere: Hi ez as izengo ez mundureko eta ez beste mundureko.

Apaiza laino artean galduta omen dabil, txakurraren bila eta txakurraren zaunkak entzuten omen dira, lainoa egiten duenean. Belamendi inguruetan ere argitasunak ikusi izan dira...

Marixekako miraria

Uribarriko abadeak (Marixeka Uribarri auzokoa da) ahots bat entzun omen zuen ametsetan. Ahotsak zera esaten zion: Marixekara, aguro Marixekara. Abadea, jaiki eta korrika joan zen Marixekara. Hasiera batean, ez zuen ezer berezirik nabaritu, baina konturatu zen Amabirjiñak burua alde batera mugituta zeukala. Amabirjinaren buruak erakusten zuen norabideari jarraitu eta gizon bat ikusi zuen hilzorian. Itxura denez, gizon hau herrira jeneroa ekartzen zuen karrometeroa zen, eta dirua edo generoa lapurtzeko hil nahi izan zuten. Lepoa moztu zioten arren eta hiltzat utzi, bizirik zegoen abadea iritzi zenean eta komulgatu ostean, gizon hori hil egin omen zen, modu kristauan hil ere. Horratx Marixekako Amabirjinaren miraria.

Torralde


Errealitatea eta fikzioa nahastu egiten dira gai honi buruz hitz egitean. Istorio asko daude lotuta Barajuen auzoari eta hauetako bat Jauntxoari buruzkoa da. Torraldeko Jaunari buruz galdetzean, burura etortzen den lehenengo gauza pernada eskubidea zuela da. Neska-mutilak ezkontzen zirenean emakumeak harekin igaro behar izaten zuen lehenengo gaua. Nahigabe handiak sortzen zituen ohitura honek herrian eta beldurrez egoten ziren neska gazteak. Batzutan haurrak ere eramaten omen zituen bere gaztelura eta urtetan han eduki.

Lekuko askok badakite esaten, nork bukatu zuen ohitura harekin. Badirudi Berta Ibabe, Ibabe baserriko alaba, izan zela kondeari frente egin ziona. Berta Ibaberi tokatu zitzaionean zera egin zuen, kortara joan eta bere burua lohiez bete, simaurrez igurtzi. Kondeak ikusi zuenean, higuindu egin zen; Juana Ibaberen arabera, zera esan zuen kondeak orduan: Oñate para las ranas y Aramaiona para marranas. Berta Ibaberen ekimen honekin amaitu zirela horrelako kontuak sinisten da, eta ordutik aramaioarrek bizimodu duinagoa izan zutela.

0 comentarios:

Publicar un comentario